Icono InstagramIcono FacebookIcono TwitterIcono Youtube
Logotipo Txingudi Online

Finalaren atarira iritsi da Real Union

12 febrero, 2015

Finalaren atarira iritsi da Real Union

 

REAL UNION 4-2 ATLÉTICO BALEARES

REAL UNION: Otermin, Azkoiti, Arzamendi, Esnaola, Ibarbia, Rodellar, Mikel Alonso (Juan Domínguez, 39′), Urbieta (Ozkoidi, 46′), Mujika (Goikoetxea, 62′), Seguin, Saizar.

ATLÉTICO BALEARES: Vicente, Vich, Juarez (Thati, 65′), Artabe, Guasp, Muñoz, Tim (Jaime, 83′) Bernardo, Ripoll (Alejandro, 75′), Nando, Thilo.

GOLAK: 0-1: Tim (63′). 1-1: Esnaola (60′). 2-1: Goikoetxea (80′). 3-1: Goikoetxea (93′). 3-2: Alejandro (113′). 4-2: Juan Domínguez (118′).

EPAILEA: Sarasua Aranburu. Txartel horiak: Ibarbia, Esnaola (Real Union); Vich, Artabe, Bernardo (x2), Nando (Baleares).

juan dominguezFederazio Kopako final laurdenetako kanporaketa gainditu du Real Unionek. Atlético Baleares menderatu du Stadium Galen, gorabehera eta emozio handiko norgehiagokan. Bi aldiz eduki du kanpoko taldeak finalerdietarako txartela eskura. Baina bietan erantzun du Unionek, azken saria lortzeko. Intentsitate eta eskakizun fisiko handiko neurketa izan da, eta ligako jardunaldian oraindu dezake hori talde txuribeltzak. Baina lortutako saria handia da. Finalerdietan dago Real Union. Gola sartzeko beharrarekin ekin diote txuribeltzek norgehiagokari, joanekoan 2-1 galdu baitzuten. Lehen zatian baloiaren jabe izan da etxeko taldea, eta gol aukerak sortzen hasi da laster. Ordu laurdena betetzerako, jaurtiketa bana egin dute Urbietak eta Mujikak. Balearesek ere eduki du bere abagunea, estrategiako jokaldi batean. Nandoren errematea Oterminek gelditu du. Lehen zatiko albiste okerrena Mikel Alonsok eman du, min hartuta utzi baitu zelaia. Juan Domínguez sartu da bere ordez.

Bigarren zatiaren hasieran maldan gora jarri zaio kanporaketa Real Unioni. Mallorcako taldeak gola sartu du 54.minutuan. Timek gainditu du Otermin, kontraeraso batean. Lan handia zuten txuribeltzek markagailuari buelta eman eta finalerdietan sartzeko. Baina Esnaolak eman du lehen pausoa, bost minutu beranduago. Banakoa egin du atzelariak, Juan Domínguezek ateratako faltan. Golak indarra eman dio Unioni, eta gora egin du, bigarrenaren bila. Balearesek atzera egin du pixkanaka, banakoa aski zuela jakinda. Penaltia eskatu dute zaleek eta jokalari txuribeltzek, Artabek baloia eskuarekin ukitu duelako. Epaileak ez du adierazi, eta horrek Galeko harmailak piztu ditu. Real Unionek Balearesen arearen inguruan jokatu du hurrengo minutuetan. Azkenean, Bernardok penaltia egin dio Saizarri, 79.minutuan. Bigarren txartel horia ikusi du gainera atzelariak. Goikoetxeak 2-1ekoa sartu du penalti arrastotik, irundarren itxaropena berpiztuz. Hirugarren gola sartzen ahalegindu dira txuribeltzak, baina ez dute gol aukera argirik sortu.

Hortaz, berdinketa apurtzeko, luzapena izan du kanporaketak. Aitor Zulaika entrenatzailearen aginduak eta animoak jaso ondoren, partida erabakitzeko asmoz irten da etxeko taldea. Ibarbiaren jokaldiaren eta pase bikainaren ondoren, Goikoetxeak 3-1ekoa sartu du luzapena hasi bezain pronto. Jokalari bat gehiagorekin ari zen Union, eta pentsatzekoa zen kanporaketak ez ziola ihes egingo. Denborarekin nekea nabaritzen hasi da Baleares. Hala ere, ez du amorerik eman. Azken orduko ezustekoa emateko gai ikusten zuen bere burua. 113.minutuan, 3-2koa sartu du Alejandrok, falta jaurtiketa bat buruz errematatuta. Kanpokoen ospakizuna ikustekoa izan da. Kanporaketa ia galdutzat eman ondoren, finalerdietan egotea eskura zeukaten. Stadium Galeko ikusleak izoztuta utzi ditu golak. Baina azken kolpea Real Unionek eman du. Luzapeneko azken aurreko minutuan, Ozkoidik erdiratzea egin du eskuin hegaletik. Nor eta Juan Domínguez agertu da, atzelarien artetik salto egin, eta burukadaz baloia sarera bidaltzeko. Eromena etorri da ondoren. Kamiseta kenduta kornerrerako bidea hartu du donostiarrak, taldekideak atzetik korrika zituela. Besarkada handiarekin ospatu dute txuribeltzek 4-2koa. Sufritu behar izanak balio erantsia eman dio garaipenari.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *