“Gabonetako krosa” antolatu du Super Amara BATek
“Gabonetako krosa” antolatu du Super Amara BATek
Beste herri lasterketa bat izango da Gabonetan Behe Bidasoa eskualdean. “Gabonetako Krosa” antolatu du lehen aldiz Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak. Abenduaren 20an izango da Irunen, eta bost kilometroko ibilbide laburra izango du. Irteera eta helmuga Luis Marianon egongo dira, eta hiriaren erdigunetik, San Migueletik eta Dunboatik pasako dira korrikalariak. “Ibilbide erraza da. Marka bilatu nahi duenak egiteko aukera izango du, baina erroka modura hartu nahi duenak ere buka dezake”, azaldu du Ibon Muñoz BATeko kirol zuzendariak. 16:45etan emango diote irteera helduen probari. Lehenago, haurrentzako lasterketak izango dira Luis Marianon.
Lasterketarekin lotuta beste hainbat ekintza antolatu dituzte. “Festa” antolatu nahi izan dutela azaldu du Muñozek. Luis Marianoko tabernek pintxo-potea eskainiko dute abenduaren 20an. AFI Irungo Argazkilaritza Elkartearen laguntzarekin argazki lehiaketa ere izango da. Gainera, Peugeot 208 Like auto bat zozkatuko du antolakuntzak. Hondarribiko San Silvestre lasterketarekin lehia izan beharrean, lotura bilatu du Super Amara BATek. Horrela, izena ematen duen korrikalari bakoitzeko euro bat San Silvestre probaren antolatzaile den Sport Mundiri emango dio BATek, bere proiektu solidarioetarako erabil dezan. Bi lasterketetan parte hartzen dutenentzat sari bereziak izango dira.
Izen emateak egin daitezke: atletismobat.com eta kirolprobak.com web guneetan edo Leire Sport eta Papelería Papycop (Hondarribia) dendetan. Koadrilen araberako sailkapenean parte hartu nahi dutenek, ondorengo helbidera idatzi beharko dute, izen ematea egin ondoren: infogabonetakokrosa@gmail.com. Dortsalak eta txipak Irungo Super Amaran jaso ahal izango dituzte parte hartzaileek, abenduaren 18an, 19an (arratsaldez), eta 20an (goizez). Lasterketaren egunean, arratsaldez, dortsala eta txipa jasotzeko gunea egongo da irteera puntuan. Aldagelak eta dutxak Artaleku kiroldegian izango dituzte korrikalariek.
Deja una respuesta