Balio handiko hiru puntu eskuratu ditu Real Unionek
Balio handiko hiru puntu eskuratu ditu Real Unionek
REAL UNION 1-0 BARAKALDO REAL UNION: Tena, Urkizu, Sagastibeltza, Esnaola, Morcillo, Rodellar (Eneko Romo, 45′), Mikel Alonso, Silas, Juan Domínguez, Ozkoidi (Azkoiti, 88′), Galán (Goikoetxea, 80′). BARAKALDO: Jose, Aldalur, Larreategi, Odei, Quintanilla, Albisua (Goti, 78′), Aguiar, Cusidor, Etxaniz, Gerardo, Jonxa (Cerrajería, 55′). GOLAK: 1-0: Eneko Romo (75′). EPAILEA: Usón Rosel (Aragoi).
Bi partida irabazi ditu segidan Real Unionek, lehen aldiz denboraldi osoan. Amorebietaren etxean nagusitu ondoren, Barakaldo menderatu du gaur Stadium Galen. Euriak baldintzatu du bizkaitarren kontrako partida, berdegunea hartu duen urak ezinezko egin duelako baloia kontrolatzea eta mugitzea. Baldintza berezia izan arren, txuribeltzek ondo moldatzea lortu dute. Talde sendoa eta lehiakorra izan da Real Union, eta Eneko Romoren gol bakarrari esker hiru puntuak bildu ditu. Hamalaugarren postura igo da Aitor Zulaikaren taldea.
Galeko zelairen egoera eta aurkaria ikuskatzeko lehen minutuen ondoren, etxeko taldea izan da pixkanaka baloiaren jabetza eskuratu duena. Jokoa lantzea ia ezinezkoa izan da, eta pase luzeei esker lortu dute, batez ere, arriskua sortzea. Silasek izan ditu bi aukerarik onenak, azken ordu laurdenean. Area kanpoko jaurtiketa batekin saiatu da lehenengo, eta atezainarekin buruz burukoa izan du ondoren. Hala ere, Barakaldok izan du lehen zatiko abagunerik argiena. Larreategik bakar-bakarrik egin du errematea, buruz, korner batean. Kanpora bidali du baloia, zutoinaren ondotik.
Bigarren zatian indartsu irten da Real Union. Korner eta falta jaurtiketen segida izan du aldeko, baina ez du markagailua estreinatzea lortu. Sagastibeltzak eta Galanek kanpora bidali dute burukada bana, 60. minuaren inguruan. Estrategiari etekinik atera ezin eta azkenean jokaldian sartu du gola Irungo taldeak. Silasek eskuin hegaletik barrura egin eta baloia erdiratu du. Area barruan, Eneko Romok maisuki bilatu du errematatzeko tokia, atzelarien artean. 1-0ekoa sartu du 75.minutuan. Azken ordu laurdenean lana izan dute txuribeltzek, Barakaldok gora egin duelako, banakoaren bila. Baina defentsako lanak eta Tenaren geldituek kanpokoen gola ekidin dute.
Deja una respuesta