Castillari aurre egiten asmatu du Unionek
Castillari aurre egiten asmatu du Unionek
REAL MADRID B 0-1 REAL UNION
REAL MADRID B: Yanez, Varela, Jaime, Llorente, Noblejas, Torró, Javi Muñoz, Álvaro, Benavente (Enzo, 71′), Medrán (Burgui, 53′), Narváez (Markkanen, 65′).
REAL UNION: Tena, Urkizu, Azkoiti, Esnaola, Morcillo, Rodellar, Mikel Alonso (Eneko Romo, 62′), Ozkoidi (Iriondo, 85′), Seguin, Juan Domínguez, Goikoetxea, Silas (79′).
GOLA: 0-1: Goikoetxea (23′).
EPAILEA: Collado López (Gaztela-Mantxa). Txartel horiak: Jaime, Torró (Real Madrid B); Morcillo (Real Union).
Real Madrid Castillaren bolada ona hautsi zuen atzo Real Unionek. Alfredo Di Stefano zelaian irabazi zuen, Iñaki Goikoetxeak lehen zatian sartutako golari esker. Esperientzia eta lan gogorra baliatu zituen Zulaikaren taldeak filial zuriaren freskotasuna eta kalitatea apurtzeko. Jon Tena bikain aritu zen berriro atean. Bost jardunalditan gol bakarra jaso du atezain irundarrak. Atzo lana izan zuen, neurketaren hasieran batez ere. Narvaézen eta Benaventeren jaurtiketak gelditu zituen, eta bigarrenak langan jo zuen beste aukera batean. Baloiaren jabetza eskuratuta, hegaletatik min egiten ahalegindu ziren madrildarrak.
Unionek sendo eutsi zion etxekoen bultzadari, kontraerasoan arriskua sortzeko asmoz. 23.minutuan ziztada handia eman zion Real Madrid Bri. Seguinek erdiratze fina egin zuen ezker hegaletik, eta Goikoetxeak burukada ederraz gainditu zuen atezaina. Galan goleatzailea ordezkatzearen lan zaila egokitu zitzaion debarrari, baina ondo bete zuen bere lana. Golak filialaren oreka apurtu zuen, presa eta egonezina sortuaz. Txuribeltzak, aldiz, lasai aritu ziren, abantailarekin eroso. Defentsako lanean jarri zuten arreta, aurkariak bigarren zatian sortuko zituen gol aukerak zapuzteko. Markkanen aurrelariak izan zuen onena korner batean, baina Tenaren erantzuna aurkitu zuen. Abantailari eutsi eta hiru puntu baliotsu eskuratu zituen Real Unionek.
Deja una respuesta