Icono InstagramIcono FacebookIcono TwitterIcono Youtube
Logotipo Txingudi Online

Etxebizitza hutsak mobilizatu nahi ditu Hondarribiko Udalak

16 enero, 2015

Etxebizitza hutsak mobilizatu nahi ditu Hondarribiko Udalak

 

Alokairua kudeatzeko Eusko Jaurlaritzak daukan Alokabide erakundearekin hitzarmena sinatu du Hondarribiko Udalak. “Zabaldu zure etxea” kanpainiaren bidez, alokairu sozialera bideratzeko etxebizitza hutsak eskuratu nahi ditu Alokabidek EAEko herri ezberdinetan. Hondarribian proiektuak hainbat osagarri izango ditu, Udalarekin lortutako akordioari esker.

Bizigune programaren bidez, maizterrak etxebizitza Alokabideren esku uzten du. Trukean, maizterrari bermatzen dio hilero errenta jasoko duela, eta etxea egoera onean bueltatuko diotela. Beraz, maizterrak ez du inolako harremanik errentariarekin. Honek 450€ko alokairua ordainduko du gehienez. 3.000 eta 23.000 euro arteko lansaria edukitzea da eskatzaile izateko baldintza, beraz, ez du soldataren %30a baino gehiago bideratuko errenta ordaintzera.

Ahalegin osagarria egingo du Udalak

Hondarribiko Udalak Alokabideren pograma osatuko du. Maizterrari 200€ko gehigarria eskainiko dio. Gainera, etxebizitza Alokabideren esku utzi aurretik konponketak egitea beharrezkoa baldin bada, 2.000€ arteko dirulaguntzak eskainiko ditu Udalak. Azkenik, %50 arteko bonifikazioa jasoko du maizterrak IBI zergan. “Hiru neurri hauekin, etxebizitza hutsen jabeak programan parte hartzera animatu nahi ditugu. Ahalegin ekonomikoa egingo du Udalak, baina etxebizitza gehiago eraikitzea baino merkeagoa eta jasangarriagoa izango da”, azaldu du Aitor Kerejeta alkateak.

700 etxebizitza inguru daude hutsik Hondarribian, gehienak bigarren etxebizitzak edo oporretarakoak. Udalak Bizigune programarako aurten 20 etxebizitza lortzea espero du. Guztira 479 pertsona dira Etxebiden Hondarribian etxebizitza bat alokatzeko interesa azaldu dutenak.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *